
Jakin aldizkarian argitaratzeko artikulua
2011ko kulturgintzaz
Euskal kulturaz gaur

Durangoko disko eta liburu azokak ateak itxi osteko biharamunean ekin diot berbok idazteari. 5 egunez eta gauez euskal kulturaren herri den Durangon ikusitakoak, erositakoak, irakurri, entzun eta bizitakoak aztoratuta ia ia. Neurgailu da Durangon. Eta behin ateak itxita, urte osoaren balantze bat egiteko moduan gara. Ez naiz excell taulekin etorri, ez dira datu hutsak hona ekarriko ditudanak, estadistika eta datu ekonomikoetatik landa ere, soma dezakegu gure kulturaren egoera zein den. Negarrak ez du sorkuntzarik egiten ahal, bizi dugun krisi ekonomikoak -eredu neoliberalarenak- ez du gure kultur sorkuntza astindu; subentzio politikari subordinatutako kulturgintzak ere, jakin du bere bidea egitean, lagunduta batzutan, bakarrik bestetan, albokoagaz auzolanean apika, ezinikusiak gaindituz beharbada. Baina bizirik iraun nahi duen Euskal Herri honetan, kulturgintza adierazpide bizia da, ezelango duda barik.
Itxi zituen ateak Durangoko azokak, eta liburu elektronikoa opari hartuta jaso du erretreta Gerediagako bizar zuriak. Garai berriak datoz. Ez da besterik entzun.
Liburu elektronikoak ala azoka. Liburu eta diskoak, ala kultura osotasunean. Badirudi azokaren esparrua mugarik gabe zabaldu gura dela Durangon, eta ez dakit nik liburugintzan edo musikagintzan dabiltzanek zer irizten dioten horri. Kultur gune erraldoi bat bilakatu da, denboraren podasuz, Durango. Hala ere, liburuak eta diskoak (literaturak eta musikak) jakin izan dute eusten, sortzen, berritzen eta eguneratzen. Inon ez bezala saltzen dira liburuak eta diskoak gurean. Joera eta aurrikuspen guztien kontra, oraindik ere.

musika ekoizpenak gora nabarmen
Entzun! aldizkariak plazaratu du azken urteotako disko ekoizpenaren berri Euskal Herrian. Disko borobilekin irudikatu dute urtetik urtera argitaratutakoen kopurua. Eta gero eta disko borobilagoa, handiagoa dakusagu 2011. urteari dagokionez. Nork kantatu dio krisiari? Sorkuntzak gora egin badu, sortzaileak badira, hartzaileak ere bai, eta biak dira ekoizle eta kontsumitzaile era berean. Sorkuntzaren eremua komunitate bat delako izan. Musikaria musikazale ere bada. Eta zirkuitua elikatzen du. Ekoizpenak bultzatu. Sorkuntza indartu. Autoekoizpena, berriro kulturgintzaren ardatza bilakatu den garaia ezagutuko dugu. Ekoizpen osoaren kontrola du sortzaileak orain; hautu hori egin du, langileak fabrikaren kudeaketa hartzen duenean bezala. Emaitzak ikusgarri bilakatzen ari dira. Eredu bat, ekonomiarentzat bezala, kulturarentzat ere.
digitalizazioa eta sorkuntza
Izan ere, digitalizazioaren aroak mesede besterik ez dio egin sortu gura duenari, musika ekoizten ari denari, entzuleari, antolatzaileari. Musika diogu, baina beste kultur espresioak ere ezingo dira aro berri honen onuretaz baino mintzatu ahalko. Errezena izan ohi da Interneti errua botatzea. Sarean dagoelako publikoa, edo dirua konexioetan xahutzen dugulako. Baina sareak ere sorkuntza uholdea ekarri du. Gurea paratu du munduan, mundua gure leihotik sartzearekin batera. Akaso sorkuntzarik izango litzateke gurean, egunkaririk gabe, irrati barik, telebista ezagutzeke, zinemari agur esanda? Internet eta egungo tresnak oro, orain arteko tresna eta komunikazio bideen uztarketa azkarra besterik ez da. Eta aukera kulturgintzarako.
liburu elektronikoaz
Bitxia da hala ere, aukera hauek sortzen direnean, batzuk egiten duten hautu ankerra. Dauden ereduetatik, beti sorkuntzarako okerrena dena aukeratu beharra. Liburu elektronikoen garaia bizi dugun honetan, ikustekoa da euskal argitaletxe handienen jokaera. Irakurleon eskubideok, eta agian sortzaileenak ere, murrizten dituen ereduarekin egin dute bat. DRM ditxosozkoaren alde egin dute gurean Elkar eta enparauek gurebook denda sortzean. Erosketa zaildu, irakurketa oztopatu, eta erosketa protokoloak zailtzen dituen aukeraren alde egitean, ez dira konturatzen bere buruaren kontra, eta batez ere euskal kulturgintzaren hedapenaren aurka ari direla.
Kulturgintzari giltzarrapoak eta gehiegizko salneurria jartzean, ez gara ari sorkuntza eta sortzaileen alde. Kulturaren transmisioa, hedapena, sozializazioa ez dator bat eredu oker honekin. Sarea eta digitalizazioaren aroa ez aintzat hartu eta eredu neoliberal okerrak hartzea, akats larria da gurea bezalako kultura batentzat. Denborak erranen, hain begi bistakoa dena. Eta emaitzak lekuko. Behin eta berriz ezkutatu eta publiko egiten ez direnak gainera, nahiz eta baliabideok egitekok diru publikoa ere baliatzen den.


kultura librea Kukutzan
Baina oro ez da urre gurean ere. Durango poza den bezala, negarra izan daiteke Bilbo, apur bat harago. Donostiak kultur hiriburu izateko hautatu duten urte berean, Bizkaiko hiriburuan, maila batean kulturako aurrekontuetatik turismoa eta ekonomia suspertzea loratu diren lekuan, kulturgintzari eraso egiten zaio egun ere. Bilboko kafe antzokia itxi arazi zuten berberek, Kukutza eraikina botatzeko agindua eman zuten. Kultura libreak, herritarrak, parte hartzaileak bost solairu zituen ametsen tokia desalojatu, hustu, jo, zigortu, kolpatu, bota eta ezelango lotsarik gabe, hori gabe utzi zuten Errekalde. Bilbo. Euskal Herria. Azkuna alkate erdaldunak, eta bere alderdiak erreparo gutxi diote diruan oinarritzen ez den kulturari. Boterearen xarmak bizi du Bilboko aginte makila. Gehiengo absolutuek ematen duten absolutismoarekin begiratzen dio Euskal Herriko hiriak kultura txiki, konprometitu eta euskaldunari. Hori da egun daukagun eredua. Eta euskalgintzak, kulturgintzak ere… ez du txintik esaten. Ez Kukutzari buruz, ezta euskaraz txintik esateko gai ez den alkate honi buruz ere. Subordinazioa ez bada, begirunea izango da agian.
Bitartean, kulturaren planak diseinatu zizkiguten ezkertiar progreek, beren unibertsitateetako epeltasunetik, sorkuntzaz, Kafkaz eta bestelakoez aritzen zaizkigu lotsa gabe. Barrikadaren zein aldetan dauden igartzea zaila den honetan, beti zutik erortzen direnak dira luma zorrotzenak. Kafka Kukutzan idatzi zigun Zallok, Pragan sortutako, inon badabil Sabin Etxearen baitan dagoelako. Bakeaz eta halango berben gainean direnak eta bi esan, eta gazteak jipoitzera, kulturgintza deuseztera poliziak igorten dituzten agintari jeltzaleen aterpe egoitzatik. Baserri bat desjabetzatik libratzeko, baserritar eta auzokideen presioa onartu arren, gaztetxe baten hustea hamabostaldi berean egikaritzen duen euzko alderdi bat. Kukullaga eta Kukutza bereizten, kafkarena egiteko gai direnak.

agur ke arteko egunak
Baina amaitu da aro bat gure herrian. Bakea bizi dugu. Ez omen dago biolentziarik, estatu eta agintariena ez bada. Hala ere, itxaropenerako uneak dira. Euskal Herriko historia, beste behin ere herri eta adierazpenez betetzen ari den honetan, toponimiak eta bakegintzak bat egiten dute. Altsasu, Amaiur, Brusela, Gernika, Donostiako Aiete, Loiola… Euskal Herria bakegintzari esker ezagutuko dugu.
Baina bake nahi, edo dena delako aro honek, kulturgintzari, herrigintzari ere aukerak sortzen dizkio. Sorkuntzarako, garapenerako, lanerako. Eta profitatzen jakin beharko da. Indar eginez, gogotsu lan eginez.
Ke arteko egunak joan dira, Antton Ezeizarekin batera. Baina hala ere, ametsak badirau. Euskal zinemagintza oso bat dago sortzeko. Ekoizteko. Erakusteko. Ikusteko eta gozatzeko. Eta loraldi bat bizi du aspaldion. Zuzendari, aktore, ekoizle eta ikusleak zorioneko gara. Ia astero, badugu aukera bat gure zinema areotean. Desagertzear diren aretoetan. Hori da kontua. Zinema euskarri eta leku fisiko bezala galtzorian denean, ernetu eta esnatu dela gure zinemagintza. Ke arteko egunak, Gartxot, Olentzaro edo Bertsolari… gurea den hori kontatzeko errelatoak dira. Eta bakegintzari egin dieziokegun ekarpenik handiena, etorri daiteke ikus entzunezkoetatik ere. Errelatoak horren garrantzitsu bilakatzen diren unean, gidoiak, proiektuak, grabazioak eta emanaldiak ditugu beharrezko. Eta belaunaldi honek, sorkuntzarekin gainditu beharko du erresistentzia garaia.
Euskal Herrian, euskaraz bizi nahi dut
Euskal Herria, 2011n bizirik da. Mapetan onartua ez izan arren, errealitate bizia da mundu globalizatuan. Gero eta gehiago aipatua, han eta hemen. Nazioarteko egunkari edo agerkari digitaletan. Entziklopedia edo youtube kanal berezietan. Bagara, bagaudelako. Ari garelako, besteak beste.
Eta ari garelako ikusten gaituzte, dakite gure berri. Duela hamar urte sortu zuen Jimmy Walesek Wikipedia entziklopedia librea. Urte berean abiatu zen euskarazkoa ere. Gaur egun 300 hizkuntzatan jaso daiteke wikipediako edukien berri. Eta 37. entziklopedia da gurea adiera eta sarrera kopuruei dagozkionez. Lanak eta konstantziak jarri gaitu toki horretan. Bolondresek eta edukiak musutruk sortu dituztenek jarri dute euskara inoizko lekurik gorenenean. Pertsona anonimoek. Herritarrek. Hiztunek.
Lerrook irakurtzen dituzunerako, 2011ko abenduan 10 urte bete dituen euskarazko entziklopedia libreak, 107.000 sarrera inguru izango ditu. Euskaraz bizi nahi duen komunitate bat daukalako, erabiltzaileak, sortzaileak, ikasleak, irakasleak… mundu bat. Munduko herri den honetan.
- .eus dominioa lortuko dugun urtea
Eta munduko egingo gaitu, inoiz baino gehiago .eus dominioak ere. 2012ko udaberrian eskaera ofiziala egin ICANN erakundean -nazioartean dominioak kudeatzen dituen elkartea- eta udagoienean jakingo dugu euskarak eta euskal kulturak Interneteko ezaugarri den dominioa eskuratu dugun. Urteetako lana dago hemen. Eta atzean hizkuntza eta kultura bizi bat, herri zapaldu baina aurrera egiteko ahaleginak eta bi egin dituen batekoak. Hori ospatuz, besteak beste, jardungo gara aurten. Bitartean, sortzen, ekoizten, kontsumitzen, ikasten, erakusten, bizitzen jarraituko dugu. Euskal Herrian eta munduan. Euskaraz. Eta tarteka, mintzatuko gara euskal kulturaz, gaur bezala. Munduari leihoak irekiz.
www.ekultura.net