Oraingoz | etsipenetik hizketan ari zaigu Torrealdai

Posted: 2010(e)ko urriak 19 by gaztelumendi in aditu / arituak, apunteak, karpeta
Tags: , , , , , , ,

azken kapitulua (oraingoz)

Hau kronika bat da. Laburra, azkarra. Apunteetatik egindako laburpena. Eztabaidarako abiapuntu izan daitekena. Lehenengoa, oraingoz. Hasierakoa, eta hobetzen joatekoa. Asmo horrekin idatzia, eta gogo horregaz sortua. EKT graduondokoaren irekiera hitzaldia Egunkaria auziko inputatu eta Jakin aldizkariko zuzendaria den Joan Mari Torrealdairen ahotik heldu zitzaigun.

Joan Mari Torrealdairen hitzaldia

Eskoriatza, 2010-urriaren 13an

Euskararen liburu beltza

azken kapitulua (oraingoz)

Egunkaria auzia

Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren graduondokoaren aurkezpena egin berri zigun Julen Arexolaleiba irakasleak. Gipuzkoa Kultura telebistan ikusi genuen ikastaroaren saio korporatiboa. Ondoko mahaian genituen irakasleak agertzen zitzaizkigun pantailan. Antzeko ahotsak, tonu dibulgatiboa. Ikusi berri genituen hormak, eta ahotsak.

Torrealdai aurkeztu zigun Lorea Agirrek. Gezurra ari du kronika liburuaren egilea da Lorea. Eta Egunkaria auziari buruz, lan periodistiko bikaina egina zuen 2003ko gau beltzaren ostean, oraindik euria ari zuela.

Ez zaigu eguraldiaz aritu otsailaren 23 hartan atxilotutako hura, baina aspaldian euskaldunok irabazi dugun auzirik handienaren ostean, etsipenetik mintzo zaigu oraindik. Ez da giro, antza.

Euskararen liburu beltzean sartu du 7 urte iraun dituen  kapitulu hau ere, eta azkena izan zitekeen arren, bere mesfidantza azaltzen digu euskal kulturan burubelarri aritu den sortzaile, biltzaile eta dibulgatzaileak. Parentesi arteko oraingoz horrek, kezka eta arreta piztu digu entzuleoi ere. Eta adi adi jarraitu ditugu maisuaren berbak.

Akusazioaren txostenari, Del Olmo epaileak Egunkaria ixteko egin txostena arretaz jarraitu zuten defentsako abokatuek, zer eta Guardia Zibilaren txosten bat, hitzez hitz kopiatuta deskubritu zuten arte.

Eta Bermudezen sententziak, akusazioa bera, zelan deusten duen ikusteak, poza sortzen du giroan. Baina akusazioaren aukerek, irekitzen zen ehiza garaiak… benetan larrituta euki ditu euskaltzale epaituak. Euskalgintza herritarreko beste edozein ekarpen, zaku berean erortzeko arrisku hori. Dena ETA da teoriak, zabaltzen zuen beldurrezko aukera.

Adi adi jarraitu dugu, Torrealdairen irakaspena handia izan da. Kulturgintza, auzibideak, terrorismoa, zuzenbidea eta hizkuntza uztartzen dituen lezioa.

Euskara eta hezkuntza helburu

Hitzaldiak bigarren zati bat izan du. PPko arduradunek Bilbon 1997ko urriaren 21ean egin bide zuten bilera baten ondorioak, gure kultura, hezkuntza eta hizkuntzaren gainean izan dituen mehatxu, salaketa, mamu eta abarren sorkuntzara. Bilera horretan adostutakoak, zelango plana osatu zuen euskara eta hezkuntza sistema osoaren kontra egiteko: D ereduak, helduen euskalduntzea, euskal kultura, liburugintza…

Ikerketa lan bat burutu zuen Torrealdaik -gerora Jakin aldizkariaren 123-124 ale bikoitzean argitaratua- intelektual espainiar batzuk, berak intelektual mediatiko deiturikoak, egin zituzten artikulu eta liburuen gainean. Ikerketa bera, laburtu eta xehetu digu. Euskararen munduaren kontrako plana, aurkeztu, gauzatu eta garatu dena. Tartean arestian aipaturiko Euskaldunon Egunkariaren kontrako auzia, baina badira beste gorabehera batzuk ere. Aznar Espainiako presidentearen aroan bizi izandakoak, eta batzuk oraindik badirautenak, tartean EAE eta Nafarroako gobernuak kudeatzen dituzten unionisten eskutik, bereziki Hezkuntzaren inguruan .

Eta Torrealdairen berbek, aukera eman digute gogoetarako. Ozen mintzatu gara, apal jokatu beharko genukeen arren. Euskara eta kultura, hezkuntza eta hizkuntza izan ditugu guk ere aipagai. Baina sententziarako moduko esanik ez zaigu atera. Euskararen liburu berri honetan, Torrealdairen hau ez dadin azken kapitulua izan. Jarraitu dezagun entzuten eta sortzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>